XX. mendeko Euskararen Corpus estatistikoa

Testuingurua

80ko hamarkadako txapeldun guztiek, Perico Delgadok ezik, euren kirol bizitza eten duten lesioak izan dituzte.

Haietatik bakar batek ere ez du lortu guztiz lehengora itzultzea.

Bernard Hinaulti belauna hondatu zitzaion 83ko Espainiako Vueltan; Laurent Fignoni, bi Tour irabazi ondoren etorri zitzaion horren ordaina, Akiles-en tendoia izorratuta; Stephen Rochek urte biribila izan zuen 87koa, Giroa, Tourra eta Munduko Txapelketa irabazita, baina gero belaunean izan zuen lesioa; Lemondek ehiza-istripu tamalgarri hura izan zuen...

Horien artetik, Perico Delgado izan zen, karrerari normal antzean eutsi zion bakarra.

Bere osasun onari esker, segoviarra izan zen taldeburu, bai Reynoldsen bai Baneston, eta Miguel Indurain atzetik, begira, ikasten, txirrindulari bezala heltzen eta ontzen; horrela, ez zuen aurreneko lerrora atera beharrik izan, ezta ardura handirik bereganatu ere.

Beharbada horretarako prestaturik zegoen ordurako, baina taldean badaezpada ez zioten erantzukizunik eman.

Fignonek presaka eta korrika hartu behar izan zuen Hinaulten lekua Renaulten.

Gazteegi agian?

Indurainen adin berekoak bere aurretik zebiltzan: Breukink betiko promesa handia zen; Gianni Bugnok Giro bat eta Munduko Txapelketa irabazi zituen, besteak beste; Raul Alcala ere nabarmendu zen PDMrekin Tour batean; Chiappucci ere burua erakusten hasia zen.

Horien guztien artean, Indurainek geldi zirudien, bere garaia noiz iritsiko zain.

Bere kirol bizitzak logikari jarraitu zion eta momentu hori iritsi zen azkenik.

Bidean zehar, ziklista asko ezagutu zituen Indurainek, promesa izan eta bere horretan geratu zirenak.

Txirrindularitza profesionala oso mundu berezia da, gogorra, bizi-bizia, errukigabea; gaur egungoak balio du, orainak, iragana historia hutsa da eta etorkizuna hasi baino lehen amaitzen da askorentzat.

Alexis Grewal eta Roy Knicman amerikarrak, Jean François Bernard, Patrick Esnault eta Charlie Mottet frantsesak, horiek denak izan ziren Indurainen aurkariak.

Horietako bi, Bernard eta Mottet, hasi zirenean, guztien ahotan zebiltzan, Hinault eta Fignonen ondorengoak izango zirela eta.

Biak ere, Greg Lemond bezala, Cyrile Guimardek hezi eta gobernatu zituen, baina ez zuten espero zen mailarik iritsi.

Indurainek, ordea, bai.

Goraka segitu du beti, Paris eta Milango podiumetaraino.

Bere adinkideek zorte txar hori izan dute, Atarrabiakoa parean egokitzea.

Indurain nabarmentzen hasi zenean, aurreko belaunaldiko batzuek, Lemond edo Fignonek, kritikatu egin zuten, eurak goi mailatik bazterturik gelditzen ziren eta.

Bere ingurura etorriz, Indurainek bere taldean bertan ezagutu du Perico Delgado eta Julian Gorosperen kirol bizitza osoa, eta baita beste askorena ere.

Angel Arroyo ere ezagutu zuen, taldeko buru, 85eko Tourrean.

Ordurako gaixorik zegoen Arroyo, eta berea zoritxarraren beste adibide bat da, osasunagatik izan ez balitz gorago ere irits zitekeen.

Reynoldsen zegoela Indurain inoiz ez zen taldeburu izan Espainiako Vueltetan, beti Delgado baitzuen goian, eta aldamenean Julian Gorospe badaezpada; Baneston, berriz, behin tokatu zitzaion ardura hori, 1991n, eta bigarren gelditu zen Mauriren atzetik.

Belaunaldien arteko borroka oso ezberdina izan zen nazioarte mailan eta Espainiako txirrindularitzan: azken honetan, izen nabarmenak sortu ziren, hala nola Alvaro Pino, Eduardo Chozas, Marino Lejarreta, Iñaki Gaston...

Frantzia eta Italian korritzeko beldurra gainditu zen, baina garaipenak eskuratzeko liderra falta zen Indurain iritsi zen arte: honek, aurrena Frantzian, gero Italian, txapela jantzi zuen txirrindularitzaren plaza nagusietan.

Zein den bere etorkizuna?

Hogeita bederatzi urte ditu; atzetik sortu da belaunaldi gazteago bat, baina oraindik ez da sumatzen Indurain gainditu eta ordezkatuko duenik.

Oraingoz, beste bi denboraldi behintzat gelditzen zaizkio goi maila horretan.

Aldi horretan garaipen gehiago ere eskura ditzake

Orain arte ahalegin handiak egin ditu eta horrek izango du ordaina, baina ez du inongo lesio larririk izan.

Gauzak horrela izanda, atzetik datozenek ere izango dute noizbait Induraini irabazteko aukera, baina bakar batek besterik ez du lortuko seguru asko, lehendabizi jotzen duenak.